ArtNam Yoga: yoga eta ongizatea Estellerriko herrietara hurbildu

Batzuetan, ekitea negozio-ideia bat izan baino askoz lehenago hasten da: pertsona batek norabidea aldatzea eta sentitzen duenarekin bat datorren bizimodua bilatzea erabakitzen duenean hasten da. Hori izan da Marta Lainez ArtNam Yoga proiektuaren bultzatzailearen bidearen zati bat. Proiektu honen bidez, yoga eta ongizatea gerturatzen dizkie Estellerriko pertsonei, praktika bakoitza bere beharretara egokituz eta eskolak behar diren tokietara eramanez.

Nola sortzen da zure ibilbide profesionala eta zerk eramaten zaitu ekintzaile izatera?

Ekonomia ikasi nuen eta urte eta erdiz enpresa batean lan egin nuen, baina bizitzeko eta lan egiteko beste modu batzuk esploratu nahi nituela sentitzen nuen. Argentinara egindako bidaia bat inflexio puntua izan zen: naturarekin konektatzen eta benetan zer egin nahi nuen pentsatzen lagundu zidan. Gero lau urte eman nituen Eslovakian, permakultura proiektu batean, lehenik boluntario gisa eta gero koordinatzaile gisa.

Itzuli nintzenean, Mirafuentesen kokatzea erabaki nuen, familiaren etxean, eta yogan sakontzen hasi nintzen. Pixkanaka, hasieran praktika pertsonala zena  bide profesional bihurtu zen. Horrela jaio zen ArtNam Yoga, niri ematen ari zitzaidana partekatzeko gogotik, eguneroko bizitzan ongizatea zerbait irisgarriago bihurtzeko.

Zertan datza ArtNam Yoga eta zeintzuk dira eskaintzen dituzun zerbitzuak?

Mugimendu kontzientea eta zaintza fisiko eta emozionala ardatz dituen proiektua da ArtNam Yoga. Yoga tradizional eta terapeutikoko klaseak eskaintzen ditut, aurrez aurrekoak zein online, eta baita arnasketa, erlaxazio eta meditazio praktikak ere.

Hainbat herritan egiten dut lan, elkarteekin kolaboratzen dut eta ekimen komunitarioetan parte hartzen dut. Proiektua leku eta talde bakoitzera egokitu ahal izatea gustatzen zait, kontua ez baita bakarrik klase bat ematea, baizik eta pertsonak eroso sentitzeko, laguntzeko eta beren buruari tarte bat eskaintzeko espazio bat sortzea.

Zerk eraman zintuen yoga terapeutikoan espezializatzera?

Nire formakuntzan aurrera egin ahala, gero eta gehiago interesatzen zitzaidan yoga pertsona bakoitzaren beharretara nola egokitu. Irakasle gisa Nafarroan trebatu nintzen, eta, ondoren, hainbat diziplinatan sakondu nuen, hala nola soinuaren yogan, dilruba instrumentuarekin eta yoga terapeutikoan, Donostian. Gainera, lesioekin eta patologiekin lotutako gaietan trebatzen jarraitzen dut.

Niretzat, garrantzitsuena da ulertzea pertsona guztiek ez dutela gauza bera behar eta ez dutela modu berean praktikatu behar. Yoga mugikortasuna hobetzeko, erlaxatzeko edo, besterik gabe, lasaitasun une bat aurkitzeko tresna izan daiteke. Horregatik saiatzen naiz pertsona bakoitza, bere aukeretatik abiatuta, praktikara hurbiltzea, konparaziorik eta eskakizunik gabe.

Zer ekarpen egiten dio zure proiektuak landa eremuari?

ArtNam Yogaren zati garrantzitsu bat da eskolak herrietara eramatea. Herri txiki batean bizitzeak ez luke esan nahi nork bere burua zaintzeko aukera gutxiago dituenik, baina batzuetan distantziak zaildu egiten du jarduera jakin batzuetarako sarbidea.

Gustatzen zait nire proposamenak jendeari hurbiltzea, eta yoga praktikatzeaz gain, denbora partekatzeko eta talde bateko kide sentitzeko topaguneak sortzea. Landa eremuan, hurbiltasun horrek balio handia du. Ez dago urrutira joan beharrik ongizate-eremu bat aurkitzeko; batzuetan, nahikoa da etxetik hurbil izatea.

Nortzuk parte hartzen dute zure saioetan eta zeintzuk dira heuren beharrak?

Oso pertsona desberdinekin lan egiten dudan arren, mugikortasuna mantendu, oreka hobetu edo egunerokotasunean hobeto sentitu nahi duten adineko pertsonak dira nagusi. 60 urtetik 94 urtera arteko pertsonekin egin dut lan.

Badira, baita ere, gazteagoak diren pertsonak, eguneroko erritmotik deskonektatzeko, estresa arintzeko edo beren osasun emozionalari denbora eskaintzeko modu baten bila iristen direnak. Pertsona bakoitza behar ezberdin batekin iristen da, eta horrek eragiten du eskolak anitzak izatea. Saiatzen naiz taldea entzuten eta praktika egokitzen, mundu guztiak bere lekua aurki dezan.

Nola sortu zen yoga herri desberdinetara eramateko modu hau eta zer aukera zabaltzen ditu landa eremuan bizi diren pertsonentzat?

Zaintzak Ehuntzen proiektuan parte hartzen dut, Bideak Ehuntzen programaren barruan, Kodes Mendilerroko herrietara zaintzako eta ongizateko jarduerak hurbiltzea helburu duen ekimena. ArtNam Yogarekin saio presentzial ibiltariak ematen ditut hainbat herritan, beste herrietako parte-hartzaileak online konektatzen dira, praktika presentziala eta urrutiko parte-hartzea uztartzen dituen proposamen hibrido bat sortuz.

Formula horrek aukera ematen digu herri desberdinetako jendea konektatzeko, yoga egiteko desplazatu beharrik gabe eta herri desberdinetako partaideak batuz klaseak bideragarri egiteko. Uste dut proposamen berritzailea dela, landa-inguruneari ekarpen handia egiten diona, ongizatea pertsonengana hurbiltzeaz gain, herrien arteko sareak ere sortzen dituelako, eta zaintzak komunitate-bizitzaren erdigunean jartzen laguntzen duelako.

Zer abantaila-desabantaila ditu landa eremuan ekiteak?

Gertutasuna da gehien baloratzen dudan gauzetako bat. Herrietan harremanak zuzenagoak dira, pertsonak ezagutzen joaten zara eta proiektu bat aurrera ateratzen asko laguntzen duen konfiantza sortzen da. Hiri batean eskuragarriago dauden jarduerak eskaintzeko aukerak ere egon daitezke.

Kontra partea da oso ondo antolatu behar zarela. Herri batetik besterako joan-etorriek denbora kentzen dute, taldeak ez dira beti handiak izaten eta beharrezkoa da zenbakiak ongi egitea. Gainera, norbere kontura lan egiten duzunean, ez dituzu eskolak bakarrik ematen: saioak ere prestatzen dituzu, gestioak egiten dituzu, aukera berriak bilatzen dituzu eta zure lana ezagutzera ematen duzu. Lan handia dago atzetik, normalean ikusten ez dena.

Zein da zure autonomo lehen garai honetan markatzen duzun erronka nagusia?

Negozioaren atal guztien arteko oreka aurkitu eta egonkortasun ekonomikoa lortzea, esango nuke. Ekintzaile izateak bidea egin ahala gauza asko ikastea dakar, denboraren antolakuntzarekin hasita, kudeaketa administratiboraino edo komunikazioraino ailegatuz.

Mugak jartzen eta laneguneko ordu guztiak ez betetzen ere ikasten ari naiz. Proiektua haztea nahi duzu, asko inplika zaitezke, eta hasieran erraza da uste baino denbora gehiago eskaintzea.

Zer da ekintzailetzaren alderik onena eta etorkizunari begira zer gustatuko litzaizuke lortzea?

Atseginena da ikustea jendeak klaseekin gozatzen duela eta bertan espazio propio bat aurkitzen duela. Batzuetan, ordu batean gelditzea, arnasa hartzea eta gorputza entzutea zure bizitzan berezitasun bat izan daiteke. Horretan lagundu ahal izatea eta, gainera, jendea bizi den lekutik gertu egitea da proiektuari zentzua ematen diona.

Aurrera begira, ArtNam Yoga sendotu, pertsona gehiagorengana iritsi eta proposamen berriak garatu nahiko nituzke, hala nola, ongizate tailer eta topaketak. Online saioen aukerak arakatzen ere jarraitu nahi dut. Nire helburua da proiektua haztea, hasieratik duen esentzia hurbil eta malgu hori galdu gabe.

Zer suposatu dizu TEDERen akonpainamenduak?

TEDERek lagundu dit lehen urratsetan orientatzen, izapideei eta dokumentazioari buruzko zalantzak argitzen eta zer laguntza dauden jakiten. Ekiten hasten zarenean, zailak izan daitezkeen gai administratibo eta fiskal asko daude, batez ere aurretik esperientziarik ez baduzu.

Prozesua ulertzen laguntzen dizun eta orientatzen zaituen norbait izateak lasaitasuna eta segurtasuna ematen ditu. Ekintzaile izateak iniziatiba eskatzen du, baina garrantzitsua da, baita ere, bidean zehar beste pertsona eta erakunde batzuen laguntza izango duzula jakitea.

Art Nam Yoga

Jarrai gaitzazu Instagramean gehiago jakiteko.

Instagram profila ikusi ↗

HARREMANETARAKO ZENBAKIA: 619001803

Agian interesatuko zaizu

Udal taberna-denda kudeatzeko proposamenak jaso ditu Zuñigak

Udal taberna-denda kudeatzeko proposamenak jaso ditu Zuñigak

Zuñigako Udalak proposamenak eskatu ditu Teleclubeko taberna-denda kudeatzeko. Udalak ostalaritzarako eta oinarrizko hornidurarako puntu egonkor bat ziurtatu nahi du, udalerriko auzo-arreta eta bizitza soziala bultzatuko dituena. Tabernak sukaldea du, gosariak,...

read more
Lan eskaintza: Turismoa kudeatzeko teknikaria TEDERen

Lan eskaintza: Turismoa kudeatzeko teknikaria TEDERen

TEDER Elkarteak hautaketa-prozesu bat ireki du pertsona bat turismo-kudeaketako teknikari gisa sartzeko, lan-kontratu mugagabea eta lanaldi osoarekin. Hautatutako pertsona Estellerriko plataforma turistikoaren dinamizazioaz arduratuko da, «Tierra Estella Maitia»...

read more